Atzo ospatu zen Euskorporaren Batzar Nagusia Donostian, elkarteko bazkide guztien partaidetzarekin. Saioaren baitan, bulegoak eta biltegiratze-azpiegitura estrategikoak bisitatzeko aukera izan zen, proiektuaren garapenerako eta iraunkortasunerako gako diren baliabideak. Bilera hau baliagarria izan zen azken lau hilabete hauetan lortutako aurrerapenen berri emateko, bai antolakuntza mailan, bai edukien bilketan, lankidetza-hitzarmenen sinaduran eta corpus digitalen sorreran.

Batzarrean honako puntu nagusiak landu ziren: aurreko bileraren aktaren onespena, jardueraren aurrerapen nagusien aurkezpena, 2024ko abenduaren 31n amaitutako ekitaldiko urteko kontuak eta Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea, 2026ko jarduera-plana eta aurrekontua aurkeztea, eta Nazioarteko Aholkularitza Batzordearen sorrera onartzea.

Era berean, batzarrean Euskorporara batutako hiru bazkide berriei ongi etorria eman zitzaien: Deustuko Unibertsitatea, Laboral Kutxa eta BBVA. Eskerrik asko guztiei egindako konpromiso eta inplikazioagatik. Bilkurak erakutsi zuen ekimenaren dinamismoa eta proiektuaren erronkei aurre egiteko agente guztien funtsezko rola.

Gaur egun, Euskorpora euskara sustatzeko eta hizkuntzaren inguruko garapen teknologikoa bultzatzeko konpromisoa duten erakunde publiko eta pribatuen sare anitz batek osatzen du. Bere kideen artean daude, besteak beste, honako erakunde hauek: Vicomtech, EREIL Technologies SL, TREBE Language Technologies, Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritza, Baleuko, MIXER, EiTB, CAF, Petronor, Euskaltel Fundazioa, Iberdrola, Kutxabank, Mondragon, PWC, UPV/EHU, Logikaline, Deustuko Unibertsitatea, Laboral Kutxa eta BBVA. Guztien arteko lankidetzak proiektuaren sendotasuna indartzen du eta euskarazko hizkuntza-azpiegiturak eraikitzeko erronka estrategikoei aurre egiteko gaitasuna areagotzen du.