Euskorporak LDS Workshop on Speech Recognition Solutions-en parte hartu du, European Language Data Space-k (LDS) eta Europako Batzordeak antolatutako tailerrean. Bertan, Europako hainbat herrialdetako adituak bildu ziren, hizketaren errekonozimendu automatikoko (ASR) irtenbideak garatzeko erronkei eta aukerei aurre egiteko.

Euskorporaren izenean, Leire Barañano zuzendari nagusiak hizlari gisa parte hartu zuen ahozko datuen erabileraren eta tratamenduaren alderdi legalei buruzko panelean, Letonia eta Esloveniako unibertsitateetako eta ikerketa-zentroetako ordezkariekin batera. Simon Krek (Ljubljanako Unibertsitatea) moderatutako mahai-inguruan ahozko datuen kudeaketa etiko eta juridikoari, pribatutasunari, baimenari eta ahozko grabazioen berrerabilerari buruzko funtsezko gaiak jorratu ziren.

Horrez gain, ekitaldian, gai hauei buruzko mahai-inguruak ere egin ziren: irrati-difusio nazionalekin lankidetza, legebiltzarreko datuen erabilera, ahozko datuen crowdsourcinga, proiektuen kostuak eta finantzaketa, bai eta hizketa-aplikazioetarako etorkizuneko aukerak ere. Europako Batzordeko ordezkariek inauguratu zuten tailerra, eta Europa osoko unibertsitate, gobernu eta zentro teknologikoetako hamar aditu baino gehiago izan ziren bertan.

Foro honetan Euskorporaren parte-hartzeak bere konpromisoa indartzen du datu linguistikoen azpiegitura sendo, etiko eta hizkuntz aniztasunean oinarritutakoa eraikitzearekin, euskara bezalako hizkuntzak barne hartzen dituena. Gainera, hizkuntza-teknologien ekosistema europarrean solaskide aktibo gisa duen eginkizuna sendotzen du.

Informazio gehiagorako: LDS Workshop on Speech Recognition Solutions – European Commission